IMG-20180315-WA0024

NI NAIZ

 

Oraindik jaio gabe nintzela

amatxoren sabelean,

ospitaleko bisita hartan

medikuak esatean:

mutil txiki bat izango duzu

abendu erdialdean.

Eskatu gabe ezarri zuten

nire rola gizartean.

 

 

Han hasi ziren dena prestatzen,

jarri zidaten izena,

mutilarentzat gelatxoa ta

arroparik ederrena

esku pilotan zein futbolean

nik norako ahalmena?

ilusioa handia zuten

eta asmorik onena.

 

 

Eskolan hasi bi urterekin,

gustuko nuen benetan,

printzesa jantzi eta erantzi

ibiltzen nintzen olgetan,

etxeratzean sarri amaren

gona ta lepokoetan

aurkitzen nuen nik gozamena

eta ez beste gauzetan.

 

 

Ingurukoen zurrumurruek

mindu naute luzaroan,

zer-nolakoa izan ta bizi,

beti inoren ahoan.

Ni zer naizen ta izan nahi dudan,

utzi bakean behingoan,

neskatoa naiz ta izango naiz,

behar zaituztet ondoan.